·1522ko guduaren inguruko gertaerak herritar guztiei nola gertatu ziren ezagutaraztea helburu duen lana da

·Ikus-entzunezko proiektu parte-hartzaile hau aurrera eramateko behar den dirua bildu nahi da, Producciones Artísticas Ipso Facto ekoiztetxe irundarrarekin

San Martzialeko Guduaren V. Mendeurrena Fundazioak mikrofinantzaketa kanpaina bat aurkeztu du ostiral honetan, ‘San Martzial 1522: gudu bat baino askoz gehiago’ ikus-entzunezko proiektua egiteko dirua biltzeko asmoz. Proiektua Irungo Producciones Artísticas Ipso Facto ekoiztetxearen laguntzarekin sortu da, Mario Simancasek zuzentzen duena, eta herritarren parte-hartzeari irekia dago.

Dokumentalaren helburua herritar guztiei 1522ko batailaren inguruko gertaerak nola gauzatu ziren jakinaraztea da, datorren urtean bosgarren mendeurrena beteko baita. “Gure historiako garai horretako herritarren espiritua transmititu nahi genuke: nola gauzatu ziren gertaerak eta nola eragin zuen herrian eta garaiko merkatariengan. Izan ere, hura ez zen beste gudu bat izan, jendea batu zuen berea zena defendatzeko. Eta orain arte ez dago gertaera horien berri ematen duen ikus-entzunezko materialik”, azaldu du Iñaki Arruabarrena Fundazioko lehendakariak.

Guduaren historia sustatzeaz eta ezagutzera emateaz gain, ikus-entzunezko proiektu honen bidez, Fundazioak Irungo herritarrak herri gisa duten historian sartu nahi ditu, herritarren ahalik eta lankidetza handiena bilatuz. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Pagoki elkartearekin izandako lankidetza, besteak beste, ekimen hau abian jartzeko.

Dokumentalak, halaber, turistak eta kultura zaleak erakartzeko Irungo aurkezpen- eta promozio-txartela izan nahi du. Era berean, hiriak XVI. mendean kokagune estrategiko gisa zuen garrantzia ulertaraztea eta inguruko komunitateei bakearen eta bizikidetzaren aldeko mezua helaraztea du helburu, Bidasoako eskualdean herritarren batasuna markatu zuten gertaeretako baten bidez memoria historikotik erreskatatuz.


Mikrofinantzaketa-kanpaina

Dokumentala egin ahal izateko, Irun 1522 Fundazioak “herritarren laguntza behar du”, ziurtatu du Arruabarrenak. “Horregatik jarri dugu martxan mikrofinantzaketa-kanpaina bat eta, horren bidez, herritarrek nahi duten balioan egin ahal izango dituzte dohaintzak”.

Kanpainara goteo.cc/irun1522 webgunearen bidez sar daiteke. Plataforma horretan, erabiltzaileek eman beharreko kopurua aukeratu ahal izango dute. Laguntzen duen herritar bakoitzak dokumentalaren kartel digital bat jasoko du, eta, 20 eurotik aurrera, beste sari batzuk emango zaizkio, hala nola Fundazioak argitaratutako Osasun Jardunaldien liburuaren aleak, dokumentalaren aurrestreinaldirako gonbidapenak edo ikus-entzunezko kredituen esker onetan agertzeko aukera.

Fundazioak mikrofinantziazio kanpaina honen bidez bere helburuak lortzen baditu, uztailaren 6ak arte dago epea diru nahikoa lortzeko, ekainaren amaieran hasiko da dokumentala grabatzen. Gudua gertatu zen kokalekuak leial birsortzeko, grabazioa Gazteluzarreko gazteluan, Aldabe mendian, Hondarribiko Carlos V Paradorean, Jaizubiako paduretan edo Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokia-elizan egingo da, baita Bidasoako eskualdeko hainbat kaletan ere.

Iñaki Arruabarrenak “proiektu honetan bere aletxoa emateko” deia egin die herritarrei, “guri ilusioa ematen digun bezainbeste jendea ilusionatzea espero baitugu. Gure historia gordetzeko aukera paregabea da eta guztion laguntzarekin errealitate bihurtzea nahiko genuke”.