San Martzial Guduaren V. Mendeurrena Fundazioak Mendeurrenaren soinu irudia aukeratzeko antolatu duen musika konposizio lehiaketa aurkeztu du gaur goizean. Sintonia hura V. Mendeurreneko ekintzekin eta ekitaldiekin loturiko albisteei, prentsaurrekoei, iragarkiei eta abarri lagunduko die.

Iñaki Arruabarrenak, Fundazioaren presidenteak eta Nagore Larrionek eta Eneko Iriartek, Musika saileko arduraduna eta kidea, hurrenez hurren, prentsaurrekoan azaldu dute lehiaketa irekia eta publikoa izango dela eta hartan edozein  musikagilek eta edozein herritartasunekoek parte hartu ahal izango dutela, inolako adin mugarik gabe. 

Musikagile guztiek konposizio bat edo batzuk aurkeztu ahal izango dituzte, eta baldintza nagusia argitaratu gabeak izatea izango da, hauxe da, argitaratuak, interpretatuak, grabatuak edo emanak eta/edo beste lehiaketaren batean sarituak izan ez direnak. Hala ere, jabari publikoko elementuak erabili ahal izango dira, baina horiek une oro identifikatu behar ko dira txostenean. 

Obren iraupena 2 minutukoa izango da gehienez eta aurkeztutako konposizioek musika banda estandar baten plantilara egokituko dira, beste talde batzuetara (pop taldea, orkestra, big-band, eta abar) egokitzea ere baloratuko den arren. Txosten bat aurkeztea baloratuko da gainera. Txosten horrek lau orrialde izango ditu gehienez eta bertan adieraziko da musika proposamenak zein lotura duen ospatu behar den urteurrenarekin. 

Azkenik, obrak letra izan dezake ala ez. Letra baldin badu, hura erraza izango da lehen eta bigarren hezkuntzako ikasle gazteek abestu ahal izateko. “Lehiaketa honen oinarriak webgunean aurkitu daitezke euskaraz eta gazteleraz eta, norbaitek ingelesez nahi izanez gero, info@1522.eus helbidera email bat bidaliz eskatu ditzazke”, azaldu du Larrionek.

Konposizioak posta arruntez aurkeztuko dira, era anonimoan, Fundazioaren Bulegoan (Prudencia Arbide 2-behea, 20304 IRUN) gaurtik aurrera eta 2019ko urriaren 15a arte (postako zigilu-marka hartuko da erreferentzia gisa). Data horretatik kanpo bidaltzen diren obrak ez dira onartuko. Notario batek irekiko ditu bi gutun azalak, dokumentazio guztia egiaztatzeko. 

Epaimahai profesionala

San Martzial Guduaren V. Mendeurrena Fundazioaren Patronatoak epaimahai profesional bat izendatuko du. Epaimahai horrek aurkeztutako lanak baloratzeaz gain, oinarri hauek interpretatuko ditu eta lehiaketa hau dela eta sor litekeen edozein arazo konponduko du. Epaimahaiak lehiaketa bete gabe uztea proposatu ahal izango du parte hartzaileek aurkeztutako lanak ez badira nahi den kalitatera iristen. Bukatzeko, azpimarratu behar da irabazleari 2500 €-ko saria emango zaiola.